Inpunitatearen aurkako ekintza gehiago. Martín Villa epaitu

“MARTIN VILLA EPAITU” ekimena urtarrilaren bukaeran aldi berean aurkeztu zen Gasteizen, Iruñean, Madrilen eta Bartzelonan. Orobat, kanpaina hainbat tokitan ari da gauzatzen (Asturias, Andaluzia, Alacant…) Hiru hilabete iragan ondoren, kanpainaren lehendabiziko fasearen balantzea oso positibotzat jo dute.

Alde batetik, zazpi udalek mozio bat onetsi dute, zeinaren bitartez Gasteiz, Iruñea, Arrasate, Irun, Lizarra, Zizur eta Errenteriak Martin Villa pertsona “non grata” deklaratu baitute. Orobat, iragarri dute ekintza berriak lantzen ari direla Servini epaileari bere epaitegian salaturik dituen kasuez gain beste batzuk gehiago erantsi eta dokumentatzeko; horrela, nazioarteak berriki eman dion aginduari jarraikiz, epaileak egin behar dituen ikerketa-lanak sendoago oinarritu eta zabaldu ahal izanen ditu. Hasteko, Martin Villa inputatuaren agerraldia izan liteke epaitegi horretan, heldu den irailaren 9an.

Rodolfo Martin Villa ministro izan zuten urteetan (1975-1979) errepresioa eta Estatuaren bortizkeriaren inpunitatea izan ziren ezaugarri. “MARTIN VILLA EPAITU” ekimenak salatu du aldi horretan 90 hildako inguru direla Egia, Justizia eta Ordaina lortzeke daudenak. Errealitate horren adibiderik odoltsuenetako bat 1977ko Amnistiaren aldeko astea dugu. Orduan, Rodolfo Martin Villa gobernazio ministroa zen eta indar polizialak bere agindupean zituen.

1977an, maiatzaren 12tik 17ra, preso politikoen askatasunaren aldeko mobilizazioen aurkako errepresioak zazpi lagun erail zituen Euskal Herrian: Rafael Gómez Jauregui, Clemente del Caño Ibañez, Jose Luis Cano, Luis Santamaría, Gregorio Marichalar Aiestaran, Manuel Fuentes Mesa eta Francisco Javier Fernandez Nuñez.

1977ko maiatzaren 12an, Errenterian, manifestazio baten kontra poliziek egindako tiroek Rafael Gómez Jauregui hil zuten. Protestak zabaldu ziren, errepresioa areagotu zen eta hurrengo egunetan beste sei hildako gehiago izan ziren. Clemente del Caño Ibañez hilik suertatu zen ibilgailu batek harrapaturik, Guardia Zibilak autopistan barrikada bat kentzera behartu ondoren. Hurrengo egunean, Iruñean, poliziak Jose Luis Cano hil zuen, buruan tiro eginda. Haren heriotzaren berri izan ondoren, liskarrak orokortu ziren eta, arratsalde horretan bertan, Nafarroako hiriburuan, Luis Santamaria hil zen, bihotzekoak jota, bere balkoian gomazko pilota baten talka jaso ondoren. Egun horretan bertan, Errenterian, Gregorio Marichalar Aiestaran tirokatu zuten, eta maiatzaren 14an, Manuel Fuentes Mesa, Ortuellan. Francisco Javier Fernandez Nuñez maiatzaren 17an hil zen Bilbon, komisaria inguruan jasandako eraso parapolizial baten biktima.

1977ko amnistiaren aldeko aste tragikoa gertatu eta 42 urte geroago, MARTIN VILLA EPAITU ekimenak (Euskal Herrian, Ahaztuak, Egiari Zor, Goldatu, Sanfermines`78 gogoan eta Martxoak 3 elkartea – Asociación Víctimas 3 de Marzo elkarteek osatzen baitute) bi memoria ekitaldi antolatu ditu:

Iruñean, maiatzaren 9an, ostegunarekin, 19:30ean, Zabaldin (Nabarreria kalea, 25), hitzaldi bat izanen da. Bertan, Aingeru Cano, Jose Luisen ahaidea, Gloria Bosque eta Amaia Kowasch Velasco izanen ditugu partaide. Maiatzaren 13an, astelehenarekin, 19:00etan, inpunitatearen aurkako salaketa erailketaren lekura joanen da eta erail zuten tokian eginen zaio omenaldi bat, Kaldereria kalean (Xabier karrikako kantoian).

Tagged with:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*