Agiria, 2018ko uztailak 8

1978ko uztailaren 8an Poliziak buruturiko erailketa ez zen ustekabekoa izan, aurretik pentsatutakoa baizik. Horrela berretsi zuen Iruñeko Hiriaren Batzorde Ikertzaileak, horretan Udalak, alderdi politiko gehienek, sindikatu guztiek, Peñen Batzordeak eta auzo zein gizarte kolektibo hainbatek hartu baizuten parte. Poliziaren irratitik agindua eman zen: “Disparar con todas vuestras energías. No os importe matar”. Estatu erailketa izan zen.

Uztailaren 8an erailik izan zen Germani Fermin Balentziak eskainitako abestiak horrela dio: “… querían los asesinos matar la aurora anunciada”. Iragarritako egunsentia askatasunarena zen, Errepublikarena; euskal lurraldeen batasunarena, erailketa frankisten erantzukizunena, justizia sozialarena, autodeterminazioarena… Gasteizen, Jurramendin, amnistiaren aldeko astean… tiroz josi zuten egunsentia zen.

Orduz geroztik 40 urte iragan dira eta ez da Egiarik, Justiziarik, ezta Ordainik ere izan. Zigorgabetasuna, inpunitatea, erabatekoa izan da. UCDren Gobernuak mota orotako ikerketari boikot egin zion eta epaile konplizeek beste alde batera begiratu zuten. Eta horrela gaur arte. Izan ere, haien oinordeko izan diren Administrazioak eta salbuespen auzitegiek jarraitzen dute agiri mota guztiak ezkutatzen eta eraile frankistak estaltzen. Altsasuko gazteentzat, ordea, ankerkeria eta bidegabekeria judiziala! Deus ez ikustekorik “manadako” partaideek Justizia misoginoarengandik jaso duten zetazko tratamenduarekin. Hori da hori haien justizia!

Gaur, memoria ezabatzea lortu ez duten erakusgarri argia zarete zuek. 40 urte hauek inpunitate urteak izan dira, bai, baina baita duintasun urteak ere. Hemen segitzen dugu, “zaurituak baina adoretsuak”, berriro ere erailketa hori salatzen, baina, aldi berean, aurrera begiratzen. Gaurkoa puntu bat, besterik ez baita eta agudo nahi dugu amaiera puntu bihurtu. Egia, Justizia eta Ordaina lortzea da gure helburua, segitzen du izaten eta, norabide horretan Egiaren Batzordeak egindako lana oso baliagarria izanen zaigu, hemen ez baita deus bukatu.

Guk ez dugu ahazten. Eta orduko guztiaren erantzuleei, Martin Villari eta polizia hiltzaile hari errepikatu nahi diegu Lluis Llach-ek Gasteizko martxoaren 3ko sarraskia ezagutu ondoan “Campanadas a morts” kanturako konposatu zuena: “Asesinos de razones y de vidas. Que nunca tengáis reposo a lo largo de vuestras vidas y que en la muerte os persigan nuestras memorias”. Udazkenetik aurrera inpunitatearen borrokak jarraituko du.

GERMAN, JOSEBA, GOGOAN ZAITUZTEGU!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*