Dora Salazar artista nafarrak egindako monumentu batek oroitaraziko du Iruñean hiriak 1978ko sanferminetan jasandako erasoa

www.ekinklik.org

“Sanfermines 78 Gogoan!” herri ekimenak, gaur goizean, prentsaurrekoan, iragarri du 1978ko sanferminetako gertaerak oroitarazteko monumentu bat eginen dela Iruñeko zezen plazaren inguruetan. Heldu den ekainean inauguratuko da. Udalak, dagoeneko, baimena emana du.

Dora Salazar artista nafarrak eginen du arte-lana: bi metro pasatxoko altuera izanen duen brontzezko eskultura bat. Gastuak kaleko diru-biltzeaz ordainduko dira, “Sanfermines 78 Gogoan!” ekimenak otsailean hasi gogo duen crowfunding kanpaina baten bitartez. Obraren baitan “denboraren kutxa” bat izanen da eta bertan monumentua egiteko ekonomikoki laguntza ematen duten pertsona eta talde guztien izenak paratuko dira, haren herri izaera kolektiboa berrestea helburu.

Hiriak 1978ko uztailean gertatutakoa neurri batean oroitarazten duen monumentu bat duen arren –Germanen hilarri ezaguna-, “Sanfermines 78 Gogoan!” ekimenak gogora ekarri du German ez zela biktima bakarra izan, ehunka zauritu –haien artean balaz zauritutako 11- izan baitziren eta bestak bertan behera gelditu. Horregatik orain, gertaeren 40. urtemugan, beharrezkotzat jotzen dugu hura oroitarazi eta gertatutakoaren memoria bizirik mantenduko duen eskultura bat izatea. “Bereizkuntzarik gabeko eraso hori eta funsgabe kolpaturik izandako hiri oso baten bihozmina adierazten duen eskultura bat. Egun hartan zezen plaza bete zuten 20.000 lagunetatik edo Iruñeko karriketan sanferminak ospatzen ari zirenetatik edonor izan zitekeen German” zehaztu du Helena Bengoetxeak.

Bere aldetik, Dora Salazar (Altsasu, 1963) obraren egileak, prentsaurrekoan egon baita, obraren ezaugarriak zehaztu ditu: bi metro inguruko altuera izanen duen figura bat, burdina forjatuzkoa, Ermuko Urkobase galdategian landuko dena. Salazarren hitzetan, “herri berotasunarekin egindako pieza bat da: bortxaz ezarri ez dena. Karriketan barna ibilki, hura ikusiko duten pertsonetako anitzek erabakia izan dena”. Totem-gorputza bat da, elbarritua, ez buru ez besorik ez duena, baina samina izan gabe; gaia hagitz ongi identifikatzen ahal duena. Oroitarazteko esparrua eta, handinahiago izaki, gehitu du, “esanahi espazio bat sortzeko, ez bakarrik oroitaraziko duena, baizik eta, etorkizunari so, erasoei stop erranen duena.

Oroitzapenezko monumentu hori sortu eta paratzeko prozesua “Sanfermines 78 Gogoan!” ekimenak 40. urtemuga honetarako antolatu dituen jardueretan kokatzen da. Zinema, antzerkia, hitzaldiak, argazki erakusketak, bertsolaritza, hip hop eguna….. horiek dira hilero, uztaila arte, sanferminetako eskaileraren gisara, gauzatuko diren jardueretako batzuk. Xabier Barberrek, besteak beste, azpimarratu du hitzaldi ziklo bat, “Beste Trantsizioa” izenekoa, otsailaren bukaeran Kondestablen gauzatuko dena. Bertan memoria historikoaz eta trantsizioaz mintzatuko da, bi alderditatik azterturik: analisia eta hura bizi izan zuten pertsonen lekukotasuna.

Tagged with:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*