Zero inpunitatea! Atzera-kontua abian da

mani

Manifestación tras el entierro de German

Uno de enero, dos de febrero, tres de marzo, cuatro de abril…: Sanferminetako “eskailera” abian da!. Ez dakienarentzat, eskailera honetan datza: urtea hasten denetik, hilabetez hilabete, peña, elkarte edo antzeko batean urtarrilaren batean, otsailaren bian… afaltzeko gelditzea, motorrak berotzeko eta uztailaren 6ko txupinazora, luzatzeak behar bezala eginda, prest ailegatzeko.

Baina aurtengo Sanferminak bereziak dira. Iruñeko populazioak, bestetan murgildurik, pairatu zuen eraso basatiaren 40 urte beteko dira.1978an, bestetan, Poliziak gure hiria suntsitu zuen inolako begiramenik gabe. Datu ofizialen arabera, urte hartako uztailaren 8an, 5.000 gomazko pilota, 1.000 kepote, beste horrenbeste negar gasezko eta munizio errealeko 150 bala jaurti ziren. Errealitatea are larriagoa izan zen.

Ondorioak ezagunak dira: gazte bat, Germán Rodriguez LKIko militantea, eraila; su-armaz zaurituriko 11 lagun; ehunka gehiago plazako erizaindegian, ospitaleetan… artaturik… “Disparar con todas vuestras energías. No os importe matar”, grabatu zen poliziaren irratitik. Horretan jardun zuten ehunka poliziak, Iruñeko karriketan barna bere gogara ibilita. Egun batzuk geroago, uztailaren 11n, Donostian, Iruñeko gertaerengatik protesta egiten ari zen beste gazte bat, Joseba Barandiaran, hil zuten poliziaren balek. Donostian, Iruñean bezala, erailtzeko egin zuten tiro.

Horregatik, aurten sanferminetako eskailera berezia izanen da. Hilez hil, afariak egin beharrean, jarduera bat (soziala, kulturala, besta girokoa) eginen dugu, aurtengo sanferminak eta uztailaren 8a prestatzeko. Hilabetez hilabete, gertaera haiek gogoratzeko eta kokaleku izan zuten Trantsizioaren ingurunea oroitzeko ekimen batzuk gauzatuko ditugu: hitzaldiak eta mahai-inguruak, zinema zikloa, horretarako propio sorturiko antzezlana, argazki erakusketak, hip-hop jarduerak karriketan, rap jaialdia, bertsolaritza, liburuen aurkezpenak…

Horrekin batera, gure eskailera instituzional propioa ere eginen dugu ate guztiak joka -Iruñeko Udala, Gobernua eta Foru Parlamentua, Kongresua, Europako Parlamentua- bakoitzaren eskumen eta erantzukizunei jarraikiz, konpromiso zehatzak galdatzeko, hura guztia ezkutatu zuen zigorgabetasun estalkia kentzea helburu.

Dagoeneko hasi gara eta ongi, gainera. Iruñeko Udalak, azaroan, Egiaren Batzorde baten sorrera onetsi zuen, eraso hura inposaturiko ahanzturatik erreskatatzeko. Orobat, Oroitarri bat paratzea zezen plazaren inguruetan, herri harpidetzak ordaindua izanen dena. Nafarroako Parlamentuak, bere aldetik, batzordean erabaki du Barne Ministerioari gertaera haiei buruzko dokumentu guztiak desklasifikatzeko eskatzea. Aldi berean, zenbait talde parlamentariorekin elkarlanean, ekimen berriak ari gara prestatzen eta udaberrian Espainiako Kongresura eta Europako Parlamentura eramanen ditugu.

Udalak sortutako Egiaren Batzordearen zeregina funtsezkoa da horretarako, kontakizun horiek dokumentatzeko eta UCDren Gobernuak orduan ezkutatu eta itxuragabetu zuen guztia ikertzeko. Hori da lehendabiziko helburua. Baina garrantzi handikoa izanda ere, ez dugu hor gelditu nahi. Beharrezkoa da urrutiago joatea eta Egia hori Justizia bihurtzea. Epaileek garai hartan itxi zituzten sumarioak berriro ireki behar dira. Izan ere, epaile haiek nahiago izan zuten beste aldera begiratu zegokien eginbeharra bere egin baino, hots, gertatutakoa sakon ikertzea, erantzuleak erruztatuen aulkian eseri eraztea eta bereizi gabeko eraso kriminal hari zegozkion epai doituak ematea. Berriro diogu, isilarazitako Egia argitara atera nahi dugu, gauzatu gabeko eskakizunak Justizia bihurtu eta Ordaina eskuratu eraso haren biktima guztiendako. Ez gehiago, ez gutxiago. Horri ekin behar diogu sei hilabete hauetan.

Lehena da Egia jakitea. Inoiz ez da berandu horretarako. Berriki ezagutu dugu Eusko Jaurlaritzak aginduta, EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuak prestatutako Txostena, Euskal Autonomia Erkidegoan 1960-2014 urteetan egindako torturei buruzkoa. Zenbakiek izutzen dute: 4.113 kasu, zeinei Istanbulgo Protokoloa (NBE) aplikatu baitzaie bere egiantza frogatzeko. Ez daude izan diren guztiak, bai dira dauden guztiak, ordea. Torturaren ohiko praktika, hamarkada batzuetan isiltasun alfonbren azpian ezkutatua, azkenean modu ofizialean atera da argitara.

Bada, hori da jakin nahi dugun lehena. Sanfermin haietan gertatu zena bihitzea, alez ale. Horretarako, gertaera haiek jasan zituzten pertsona guztien lekukotzak ezinbestekoak dira. Ez bakarrik zuzenean eragina jasan zutenenak –zaurituak…-, bai eta, izuturik, ordutan atari batean ezkutaturik egon zirenenak, beren ofizialek, bereizi gabe, kolpatu eta tiro egiteko xaxatutako poliziek kailejoian aurretik eraman zituzten txikienak, amorruz eta ezintasunez negar egin zutenena ere. Iruñea osoak jasan zuen erasoa eta Iruñeak izan behar du protagonista isilarazitako memoria berreskuratzeko orduan.

Jakina, ez dugu lan hau gure taldean soilik gelditzea nahi. Horregatik poztu gaitu Nabarralde Fundazioak memoria historikoari buruz antolatutako literatura- lehiaketan “Sanfermines 78” izeneko lana saritu izanak. Orobat, Peñen Federazioak batzorde berezi bat sortzea erabaki izanak, 40. urtemugari dagokionez, berezko jarduera programa bat prestatzeko, eta zenbait talde sozial jarduera espezifikoetan pentsatzen hasi izanak. Bada, horretan da afera, udaberri honetan dozenaka ekimen ezberdin osatzea, uztaileko uzta ahalik eta askotariko eta zabalena izan dadin.

Xabier Barber, Miren Egaña, Piru Zabalza. Sanfermines 78 Gogoan! taldekideak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*