“Inpunitateari STOP impunidad” kanpainaren aurkezpena

Sanfermines 78 gogoan! (SF-78) taldeak prentsaurreko bat egin du gaur goizean (urriak 26) 1978ko gertaeran 40. urtemugaren harira prestaturiko kanpaina azaltzeko: “Inpunitateari STOP impunidad”. Kanpaina azaroan hasiko da eta 2018ko uztailaren 8raino luzatuko. Aurkezpena egiteko tokia Zezen plazako kailejoia izan da.

Amaia Kowaschek, SF-78 ordezkatuz, kanpainaren helburuak azaldu eta erran du ezen “azken urteotan gai honen inguruan emandako urrats positiboak (desagertzeak, krimen frankistak…) alde batera utzita, orokorrean, SF-78ari dagokionez gauzaturiko politika isiltasunaren, ahanzturaren eta inpunitatearen babesarena izan dela. Hortaz, gaineratu du, Egia, Justizia eta Ordaina lortzeko oinarri sendoak sortu behar dira, adierazpen ofizialez haratago, beti beharrezkoak izanik ere, erakundeen konpromiso zehatzak gauzatzen has daitezen gertaera horiei dagokienez.

Geroago, “Inpunitateari STOP impunidad” agiria irakurri da, 70 kolektibo baino gehiagok sinatua (memoria historikokoak, sindikatuak, peñak, talde sozialak, e.a.). Bertan, eraso polizial basati hura, aldez aurretik pentsatua eta UCDren Gobernuak gertaera haietan izaniko erantzukizuna aipatzeaz gain, adierazten da erasoa jasan zuteneko inori ez zitzaiola egia errekonozitu, ez zitzaiola ez justizia ez ordainik eman. Justiziak beste aldera begiratu zuen eta inpunitatea erabatekoa izan zen.

Horregatik erakundeei galdatzen zaie urrats sendoak eman ditzatela Egia, Justizia eta Ordaina eskakizunak gauzatuko dituztenak, eta horren harira, Egiaren Batzorde bat sor dezatela gertaera haiei, haien eragileei eta haietatik etorritako erantzukizunei buruzko diktamena emateko eta eraso haren biktima guztiak ofizialki errekonozitzeko..

Azkenean, Ramón Contrerasek, SF-78ko kide bera ere, kanpainaren bi lan ildo nagusiak azaldu ditu. Lehenik eta behin instituzionala: hurrengo aste eta hilabeteetan hainbat ekimen aurkeztuko dira Iruñeko Udalean, Nafarroako Gobernuan, Foru Parlamentuan, Estatuko Kongresuan eta Europako Parlamentuan.

Bigarrenik, gizartea sentsibilizatzeko jarduerak egitea: zinema zikloa, gaiari buruzko antzerki lana, argazki eta ikus-entzunezko erakusketa, bertsolaritza, karrikako jarduerak, kontzertuak, hitzaldiak eta mahai-inguruak. Horiek guztiak 2018ko uztaila bitarte gauzatuko dira.

Kanpainari hasiera emateko “Trantsizioko beste biktimak” izeneko jardunaldiak burutuko dira: dokumental ziklo bat eta erakusketa baten aurkezpena Kondestablen, azaroaren 22, 23 eta 24an.

KANPAINAREN DOSIERRA

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*