2017 Agiria

1978ko uztailaren 8an Iruñean nozitutako gertaerak ez dira kasu bakarra izan. Atzerantz begiratuz gero, ikusten dugu, gaur egun, oraindik, genozidio frankistaren 100.000 biktima baino gehiago daudela, fosa komunetan desagertutakoak, eta haien senideek maite dituztenen bilaketa lortzeko borrokatu behar dutela, PPren Gobernuaren utzikeria eta zabarkeriaren aurka.

Franco jeneralak estatu kolpea eman zuenetik 80 urte baino gehiago iragan direlarik, ikusi dugu diktaduraren erailketei buruz hasitako lehendabiziko ikerketa herrialde urrun bateko justiziak ireki behar izan duela, Trantsizioan finkatu ziren legeek hemen egitea galarazten baitute.

Indarkeria horrek guztiak zergatiko politikoa du oinarri.

1936an ere izan zuen oinarri berbera, kolpearen aldekoak Errepublikaren aurka altxatu baitziren herriaren lorpen sozial eta politikoak eragozteko.

Gauza bera Trantsizioan, 1978ko uztailaren 8an hiri honetan kasu, eragindako bortizkeria aldez aurretik pentsaturiko erasoa izan baitzen, helburu garbiarekin: Estatu eredu zehatza ezarri eta erregimen frankistarekin sekulan hautsi ez duen eskuinaren proiektu politikoa finkatzea.

Gaur egun ere berdin segitzen du: Mozalaren Legea, adierazpen askatasun oinarrizkoenak zigortzen dituena; Zigor Kodearen aldaketak, Altsasuko gazte batzuk Auzitegi Nazionalean epaituak izatea ahalbidetzen dutenak tabernako liskarra izan behar zuten gertaerengatik, edo euskal gazte batzuk bertan epaitzea manifestazio batean parte hartzeagatik.

Eta zerikusia badu gizakiaren aurkako legedia eta politikarekin; hain zuzen, gerra edo miseriatik ihes egiten dutenei mugak ixten zaizkie eta, horren ondorioz, 2015 eta 2016an bakarrik, 400 pertsona inguru hil dira, horietarik 122 adingabe, Estatu espainiarrera iritsi nahian.

Ez dugu nahi, ezin dugu beste aldera begiratu bortizkeria horren aurrean.

Horregatik biltzen gara urtero hemen, Germanen hilarriaren ondoan. Aurre egiten diogulako ahanzturaren, gezurraren edo historia faltsifikatuaren azpian lurperatuak izateari. Eta borrokan segitzen dugulako bortizki erasoa eta gaizki tratatua izan ziren hiriari eta herriari duintasuna itzultzeko. Herenegun, atzo eta gaur.

Uste dugulako ezinezkoa dela gizarte demokratikoagorantz aurrera egitea 1978ko gertakariak eta antzekoak argitu gabe.

Heldu den urtean 40 urte beteko dira gertaera haiek jasan genituenetik. Ekin diezaiogun bada, urte bete barru berriro biltzen garenean esan ahal izateko urratsak eman ditugula gertatutakoa aitortua izan dadin, justizia eta erreparazioa iritsi daitezen.

Hauxe da gure konpromisoa: Egia, Justizia eta Ordainaren alde borrokan jarraitzea, gizarte sanoago bati egindako ekarpen eraikitzaile gisara, beti ere gakoak izanik justizia eta gertatutakoa berriro suertatuko ez dela bermatzea.

German, Joseba, gogoan zaituztegu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*