Nafarroako Arartekoak estukuruak

Miren Egaña eta Ramón Contreras, Sanfermines 78: Gogoan! ekimeneko kideak

Urtarrilaren 30an Arartekoari idazki bat aurkeztu genion. Bertan, 1978ko Sanferminetan Iruñean jazotako gertaeren inguruan esku har zezala eskatzen zen, botere publikoek urte luze hauetan zehar hamaika talde sozial, sindikal eta politikok “egia, justizia eta ordaina” galdatzeko egindako eskaerei inolako erantzunik eman ez dietelako.

Gertaera haien inguruan Administrazioaren esku-hartzea eskatuz agiri bat sinatu zuten Zuzenbideko profesional talde bateko kide diren bi abokatuk, Sanfermines 78: Gogoan! herri ekimeneko bi ordezkarik eta gertaera haietan balaz zauritutako bi lagunek aurkeztu genuen idazkia. Izkribuan, arartekoaren esku hartzea eskatzeaz gainera, harekin elkarrizketa bat izateko eskatzen genuen eta gure prestutasuna azaltzen genion beharrezkotzat jotzen zuen orotan gure laguntza emateko.

Bada, otsailaren 3an, idazkia aurkeztu eta lau egun beranduago, ez besterik, (asteburuko bi egun barne) Arartekoak erantzun digu eskaerari, bere osotasunean, muzin eginez. Afera ebazteko horren agudo ibili izanak, txalotzekoa agian, beste kasu batzuetan Administrazioaren jarduna motel eta etsigarria izaten baita, harritu egin gaitu ordea. Zer dela eta honenbeste lastertasun, bere eguneroko funtzionamenduan ohikoa ez dena, afera hau ebazteko, proposatzen genion elkarrizketa izan gabe eta eskaini genizkion materialak aztertu gabe?

Arartekoak ematen dituen ebazpenen aurka errekurtsorik ez dela paratzen ahal kontuan harturik, uste dugu erakunde honen jarduna arinkeria osoz egin dela, inolako zorroztasunik gabe, eta herritarren eskubideak eta askatasunak bermatzea xede duen erakunde bati inolaz ere ez dagokiola. Egia erranda, irudi du jardun honekin hogeita hamar urteotan hamaika talde sozial eta kulturalek, oroitzapen historikoa berreskuratzearen aldekoek, Iruñeko peñek, hainbat sindikatuk eta alderdi politikok “egia, justizia eta ordaina” galdatzeko ororen gainetik bizirik mantendu duten eskaerari “karpetazoa” eman nahi diola.

Ebazpenean Arartekoak aipatzen du egindako eskaera ez dela bidezkoa salaturiko gertaerak jazo zirenetik urte bateko epea iraganik egin delako (Arartekoari buruzko Foru Legeko 21.1 artikulua) eta Estatuko Administrazioko organoen jardunei buruzkoa delako eta, horien gainean hark ez du eskumenik (Lege horretako 1.3 artikulua). Alta, gure irudiko, azalpen horiek ez dute inolako doitasun juridikorik eta aitzaki merkeak dira planteatutako aferaren sakona ez baloratzeko.

Izan ere, Foru Lege horrek espresuki adierazten du (15 eta 18. artikuluak) Arartekoaren ahalmenak “egintza eta ebazpenetara nola hauen egin ezekoetara” zabaltzen direla eta hauei buruzko edozein ikerketa ofizioz edo alderdi batek eskatuta ireki edo jarraitu dezakeela. Eta, orduan, ez al gaude egin ezeko administratibo iraingarri baten aurrean? Hogeita hamar urte iraun duen jardunik eza preskribatutzat jo beharrean, Arartekoak ez ote luke larrigarritzat hartu beharko bere presako esku hartzea arrazoitzeko?

Bestalde, Arartekoak, gertaera haiek Estatuko Administrazioaren jarduna izan zirela oinarri, agerturiko eskumenik eza funsgabea da oso. Eta horrela da, aurkezturiko kexan espresuki adierazten zen bezala, salaturiko gertaerak eta egin ezekoak bai Iruñeko Udalari (ez 1978ko Udal hari, hura duintasun osoz aritu baitzen, gerokoei baizik), bai Nafarroako Parlamentuari zein Foru Gobernuari buruzkoak baitira eta erakunde horien jardun/jardunik ezaren inguruan Arartekoak eskumena duelako (Foru Legeko 1,3. artikuluak, a), b) eta c) atalak)

Antzeko bi gertaera hurbil aipatzearren, Arartekoari gogorarazi behar dizkiogu Eusko Legebiltzarrak eta Andaluziako Parlamentuak berriki hartutako bi erabaki. Lehendabizikoan, 1976ko martxoaren 3ko gertaera larriei buruzkoan, Polizia Armadak egun hartan egindako jardueraren ondorioz ukituriko pertsonak terrorismoaren biktimatzat hartu dituzte. Bigarrenean, Andaluziako Parlamentuak Manuel José García Caparros, 1977ko abenduaren 4an poliziak balaz eraildakoa, “Andaluziako seme kutun” izendatu zuen. Orduan, herritarren aldetik azken hogeita hamar urteotan egin diren eskaera etengabeak hor egon arren, gure lurreko instituzioek zergatik ez dute deus egin gertaera haiek argitzeko, haien ondorioei ordaina emateko eta, orobat, justizia egiteko? Zergatik egin daiteke beste erkidegoetan hemen inoiz egin ez dena? Zergatik kikildu da Arartekoa erabat bidegabea diren injustizia eta pasibotasunaren aurrean?

Gure ustez, Arartekoaren ebazpena, forma eta edukiagatik, Iruñean eta Nafarroan azkeneko hogeita hamar urteotan, herritarren eskubideei dagokienez, gertatu diren urraketarik handienetako bati karpetazoa emateko saio zabarra da, ez besterik. Dena den, jakin dezala egia, justizia eta ordaina lortzeko gure eskaerak artxibatzeko egin duen saioak ez duela askorako balioko. Jarraikiko dugu. Germanen hilarria bere tokira itzultzea lortu genuen bezala, justiziak merezi duen tokian paratzea ere erdietsiko dugu, norbaiti atsegin ez bazaio ere.

Iruñean, 2009ko otsailaren 11n.

Informazio gehiago:
Nafarroako Arartekoari 78 sanferminetako gertaerak ikertzea eskatu diote
Nafarroako Arartekoari zuzendutako agiria

Tagged with: ,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*