2014ko Germanen omenaldia: 1978ko gertaerek ukitutako pertsonen esku-hartzea zigorgabetasuna ezabatu dezagun

1978ko sanferminetako gertaerek ukitutako pertsonen esku-hartzea 2014ko Germanen omenaldian

Duela 36 urte, hiri honek polizia aparatuek aurrez prestatutako eraso odoltsua jasan zuen, Adolfo Suarez buru eta Rodolfo Martín Villa gobernazio ministroa zituen gobernuaren aginduei jarraikiz.

Bestak hautsirik gelditzeaz gain, batzuk balaz, goma pilotez, ke poteez, kolpeez… zauriturik suertatu ginen, eta, bertze batzuek anaien galera ordainezina jasan genuen.

Urte hauetan guztietan, inork ez digu azalpen ofizialik eman HURA ZERGATIK GERTATU ZEN adieraziz. Are, ez dago, Iruñean eta Euskal Herrian erail, zauritu, makatuen zerrenda ofizialik, eta ez da erantzule polizial edo politikoen izenik ezagutzera eman.

Gure jendartean egite haiei buruzko kontakizun benetako eta finkatua dagoela bere egiteko erresistentzia honen atzean, botereak haiek estaltzeko, haiek ahantz daitezen, memoria kolektibotik desager daitezen egindako saiakera dago.

Denbora luze honetan ere, justiziak ez du bere eginkizuna bete eta INOR EZ DUTE ESERI AUZITEGIEN AURREAN, ezta, jakina, inputatua edo epaitua izan ere. Basakeria haren erantzuleek ERABATEKO ZIGORGABETASUNA izan dute.

Aitzitik, horietako batzuk, aipaturiko Martin Villa kasu, ENDESA edo SOGECABLE enpresetako zuzendaritza postuetara igo dituzte. Baina, gaur, esperantza badugu justizia argentinarrak frankismoaren erailketak epaitzeko ireki duen prozeduraren bitartez, KEREILA ARGENTINARRA deiturikoaren bitartez, falangismotik zuzenean heldutako pertsonaia hori, sindikatu bertikal faxistaren buru eta Mugimenduaren buru probintziala izandako hori, genozidio eta gizadiaren kontrako krimenengatik inputatua izan dadin, zehazki 1976ko Gasteizko gertaerengatik.

GUK 1978KO SANFERMINETAKO ERASOENGATIK ETA ERAILDAKOENGATIK ERE INPUTATUA IZAN DADILA NAHI DUGU! Hura eta herria bestetan suntsitzen esku hartu zuten beste aunitz ere.

Eragindako kaltea ez da erreparatu inola ere. Ez da barkamenik eskatu, ezta biktimei aitortza azaldu ere.

Gaur, hemen, erakundeek beharko lukete egon, eragindako kalte guztia bere egiten dutela errateko, harengatik guztiagatik barkamena eskatzen dutela errateko, eta, ahal den neurrian, biktimei kalte ordaina ematen saiatuko direla errateko. Baina, hori egin beharrean, bertze aldera begiratzen dute, ikusezin bihurtu nahi gaituzte, ezabatu, existituko ez bagina bezala. FRANKISMOAREN USTELKERIAN ETA “TRANTSIZIOAREN” GEZURRETAN SORTU ZUTEN SISTEMA MANTENTZEN JARRAITZEKO, gaur arte irauten baitu, jendartearen talde zabalen eskubide oinarrizkoenak urratzen.

EGIA, JUSTIZIA ETA ORDAINA lortzeko bidean aurrera egiteko esperantzarekin, IRUÑEKO PEÑEk urte hauetan guztietan egindako ahalegina eskertu nahi dugu, haien esfortzu eta konpromisorik gabe hau ezina izanen baitzen. Baita Sanfermines78 Gogoan! herri ekimenari ere eskerrak eman nahi dizkiogu, poliziaren basakeriak zanpatu zuen hiriaren duintasuna urtez urte defendatzen ari diren gizon eta emakumeak baitira.

Tagged with:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*