2014ko Germanen omenaldia: Sanfermines 78 gogoan!

Duela minutu gutxi batzuk entzun ditugu 1978ko Iruñean eta Donostian poliziaren esku-hartzeak eragin zituen biktima batzuen adierazpenak. Bertan erantzuleek izan duten zigorgabetasuna salatu dute, baita erreklamatu ere urte hauetan guztietan mutu egon den justizia ere. Noski, biktima hauek inork ez ditu halakotzat jo, eta administrazio publikoen aldetik ez dute aitortzarik, ez ordainik, jaso.

Baina gertaera haiek Euskal Herriko herritar guztiak kolpatu zituzten. 1978ko Sanferminetan gertatutakoa adierazle ederra da jakiteko nola antolatu zuten gaurko sistema politikoa: odolez, errepresioz eta herriaren kontrako bortizkeriaz.

Franco 1975ean hil zen, baina hura desagertzeak ez zuen ekarri erregimenaren ezeztatzea. Erregimen frankista demokrata bihurtu zen, eta gaurdaino iritsi den trantsizio politikoaren aitzindari izan da. Prozesu haren buru izan zirenek, hots, Fraga, Barrionuevo, Martín Villa, Adolfo Suárez …, ez zioten beren iragan falangistari uko egini noiz.

Egiaztatu da Estatu Espainiarrak ezarritako modeloak, “ahanzturaren paktuak” gatazka egoera berriak sortzeko bakarrik balio izan duela. Gaur egun, oztopo da benetako demokraziarantz bide egiteko.

Ezina da jendarte demokratikoagorantz jo 1978ko Sanferminetako gertaerak eta antzekoak argitu gabe. Zer gertatu zen jakinda eta bakoitzari dagozkion erantzukizunak bere eginda bakarrik egiten ahalko diogu gure ekarpen eraikitzailea jendarte osasungarriago bati, etapak itxi eta egia justizia gakoetan jakiteko gizarte beharrarekin aitzina egiteko, baita gertaturikoa berriro ez dadin gertatu bermatzeko.

Oroimena, justizia eta ordaina kontzeptuak funtsezko gakoak dira aurreratzeko, jendarte justuagoaren alde egiteko. Zer gertatu zen eta zergatik gertatu zen ezagutzeak oinarri behar du izan lan honetan.

Oroimena da heldu diren belaunaldiei uzten ahal diegun legatua. Horretarako gorde eta defendatu behar dugu manipulatu eta ahanzturan lurperatu nahi dutenen aurrean.

Ildo horretan, eta 1978ko gertaeren harira, hemen dugun hilarriak izugarrizko garrantzia du. Hura mintzo zaigu, bere presentziaz egunez egun gogorarazten ari zaigu zer gertatu zen, eta eskubideen urratze hark irekita jarraitzen duela.

Hiri honetako erakundeei, Nafarroako Parlamentuari, galdatzen ari zaie EGIAREN BATZORDE bat sortzeko. Besteak beste, galdera hauei erantzuna emateko:

Zer gertatu zen?
Zergatik gertatu zen?
Zein dira ondorioak?
Zer egin behar da hura berriro gerta ez dadin?

Bitartean, gure oroimena defendatzeko konpromisoa betetzen segituko dugu eta eskerrak eman nahi dizkiegu lagun dugun frankismoaren erailketen aurkako Euskal Koordinakundeari, Memoriaren Autobusari, memoriaren aldeko erakunde batzuk, SF78 Gogoan! herri ekimena barne, biltzen dituenari, Argentinako kereila sostengatzen duten erakunde guztiei, ea Martin Villa harakinaren egozpena lortzen duen. Eskerrak eman nahi dizkizuegu zuei guztiei, urtero Germanen hilarrira etortzen zareten guztiei, 1978ko SANFERMINETAKO GERTAERENGATIK EGIA, JUSTIZIA ETA ORDAINA eskatzera etortzen zaretenei.

Tagged with:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*