1978ko sanferminak: zigorgabetasuna ezabatu dezagun

Idazki hau sinatzen dugunok 1978ko uztailean Iruñean jasandako polizia erasoaren biktima zuzenak gara; batzuk zauriturik, kolpaturik, umiliaturik izan ginen; beste batzuek ahaideen galera sufritu genuen. Gogoratu dezagun basakeria hark balazko hamar pertsona zauritu eta munta ezberdineko 170 makatu utzi zituela. Eta, nagusiki, bi erail: Germán Rodríguez eta Joseba Barandiarán. 36 urte iragan dira eta Estatu espainiarrak gertakari haietan izan zuen inplikazioa aitortu gabe jarraitzen du. 36 urte iragan dira egia ofizialki aitortua izan gabe, auzitegiek erantzuleak zigortu gabe, sorrarazitako kaltearen jarioa gelditua izan gabe.

Hogeita hamasei urte EGIA, JUSTIZIA, ORDAINik gabe, eta horietan barna ikusi egin behar izan dugu iruzurrezko Trantsizio hartako gobernuek giza eskubideen bortxaketa larri haren erantzuleak beren lanpostuetan finkatu zituztela, edo igo, saritu, eta, are, medailatu egin zituztela, inolako ikerketarik egin gabe, ezta pertsonaia ezagunenen kasuan ere. Zaila da injustizia, umiliazio eta utzikeria maila handiagorik asmatzen!

Ez gara kasu bakarra. Bizi dugun tokian genozidio frankistaren 100.000 biktimatik goiti hobi komunetan desagerturik daude oraindik, eta bere ahaideek gaur gobernatzen duen alderdi politikoaren ordezkarien isekak jasan behar izaten dituzte maite dituzten pertsonak aurkitzeko galdatzeagatik. Bizi dugun tokian ez da inolako erantzukizunik galdatu 30.000 nini inguru lapurtzeagatik, batez ere diktadura garaian eta, hein handi batean, arrazoi politikoetan oinarriturik. Bizi dugun tokian eraikuntza enpresa handiak milaka gerrako presoen lan esklaboaz baliatu ziren, eta ez diote inolako erantzukizuni aurre egin behar izan. Bizi dugun tokian, Franco jeneralak Estatu kolpea eman zuenetik 77 urtetik goiti iragan direlarik, frankismoaren erailketei buruz hasi den lehen ikerketa urrutiko lurralde batean hasi behar izan dute, Trantsizioan zehar finkatu ziren legeek hemen egitea galarazten baitute.

Erailketa haien arduradunak gaur herritarren aurkako erailketa handienetako bat egiten ari direnen berdinak dira, oraingo hauek, zerbitzu publikoak pribatizatuz, horren oinarrizko eskubideak diren horiek -etxebizitza, osasuna, hezkuntza…- ukatuz, milaka milioiren lapurrak baitira.

Ez dugu nahi ahanzturak, gezurrak edo faltsifikaturiko historiak gu estaltzea, ez partez, ez osorik. Eta, biktima anitzen nekaezintasunak lortu baldin badu Muñecas eta Pacheco torturatzaileen argazkia epaitegietan, 1978ko Sanferminetako biktimentzat ere bada itxaropenik. Martin Villa orduko Barneko ministroa, “gureak akatsak dira, beraienak erailketak” bota zuena, egun María Servini de Cubría epaile argentinarraren egozpenaren esperoan dago gizadiaren kontrako krimenen egile izatea egotzita. Inoiz baino hurbilago gaude duela 36 urte finkatu genuen helburua lortzeko. Helburu hori ezina izanen zen urtez urte, pertsona anitzek uztailaren 8an, eguerdiko ordu batean, Iruñean, Germanen hilarri ondoan egiten den elkarretaratzean parte hartzeko egiten duten esfortzurik gabe. Gure hiriko parte gisa sendotzeko borroka toki bihurtu genuen hilarrian, hark gogorarazten baitigu gure ahaleginean segitu behar dugula basatiki eraso eta jotako hiriari eta herriari duintasuna itzultzeko.

Ekitaldi xumea da, festa betean egiten dena, baina haren garrantzia duen iraupen laburretik haratago doa, azkenean Egia, Justizia eta Ordaina lortuko duen kate baten begia irudikatzen duelako. Eta egun horretan, segurtatzen dizuegu, guztiok ospatuko dugu.

Fermín Rodríguez Saiz (Germán Rodríguezen anaia)
José Miguel Fernández Díaz de Cerio  (zezen plazan balaz zauritua)
José Ramón Velez de Mendizábal (zezen plazan balaz zauritua)
Joxemiel Barandiarán Urkola (Joseba Barandiaranen anaia)

Tagged with:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*