78ko sanferminak, Amore eman? Inola ere ez

Sabino Cuadra. Berrian argitaratua.


“Izenik gabeko balak,
zigorrik gabeko errudunak,
justiziarik gabeko herria”

Horixe da, txalapartaren ttakunaren gisara, Fertxo Izquierdo olerkariak 1978ko sanferminetako gertakariei buruz egindako poema ederrean agertzen den bertsoa.

“Zigorrik gabeko errudunak”. Hamaika mila aldiz esan dugu. German hil zen hil zutelako. Hau da, ez zen hil, hil egin zuten. Garbi mintza gaitezen: Germanena ez zen heriotza bat izan, hilketa bat baizik, Estatuaren hilketa. Katua sakatu zuen poliziarengandik haratago eta polizia xaxatu zuen ofizialetik haratago, ondoko hauek izan ziren faena hartako ezpatariak: Rubio komisarioa; Avila komandantea, I. Llano gobernadore zibila; inoiz identifikatu ez ziren «gobernantea» eta teniente koronela, poliziaren irratian mintzo zirenak (“¡Tirad con todas las energías y lo más fuerte que podáis! ¡No os importe matar!”); Martin Villa garai hartako Barne ministroa eta Adolfo Suarez UCDren gobernuko presidentea.

”JusjJrik gabeko herria”. Gertakari haiek epaitu zituzten epaileak ez ziren zezen-plazan egon, eta ez zuten gure kaleetan gertatu zena ikusi. Ez zuten kolpe edo pilotakada bat ere jaso. Ez zuten lasterka ihes egin edo ezkutatu beharrik izan. Ez ziren odolez zikindu zaurituei lagundu nahian. Ezein ahaidek edo lagunek ez zien kontatu egun hartan gertatutakoa. Egun hartan etxean izanen ziren, trikotatzen, edo Auzitegian, atzeratutako lana aurrera atera nahian, auto eta epai korapilatsuak idazten. Eta gero, gaiari heltzeko ordua egokitu zitzaienean, gertakarien gainetik pasatu ziren, salto txikiak eginez bertan behera utzitako festen gainetik, balaz zauritutakoen gainetik, Germanen hilketaren gainetik… galdetzeko, ikertzeko, gogoeta egiteko denborarik hartu gabe. Haien epaiak garbi-garbiak izan ziren, zuri-zuriak. Hilketa hartan ez zen inolako bekaturik izan. Ez zen inolako errudunik identifikatu, ez zen inolako erantzukizunik eskatu.

Gaur, 30 urte pasatu direla, badira hura guztia lurpean sartu nahi dutenak. Betikoak dira. Uztailaren 9an berean Germanen, zaurituen eta suntsitutako hiriaren gainean lurra botatzen hasi ziren. Inoiz bizi izan ez den santu bat ospatzea, prozesioan ateratzea, haren ohoretan bezperak kantatzea, intsentsua eskaintzea eta goraipatzea gauzarik normalena eta munduko jokabiderik jatorrena iruditzen zaie. Uztailaren 8an unetxo bat ateratzea gure hirian benetan gertatu zena gogoratzeko, berriz, gustu txarrekoa iruditzen zaie. “Festa eta politika uztartzea”, diote, erabat gorrotagarria da. Festa ur bedeinkatuaren ehun mila litroren eta merkataritzako hainbat eta hainbat babesleren azpian itotzea, berriz, punta-puntakoa da. Idolatrak haiek dira, tenplu guztietan merkatariak baitira.

Beste batzuek uste dute hilarria bere tokian berriz jartzearekin aski lortu dela eta, asko jota, uztailaren zortzian urtero lore-sorta bat jartzeko eta 78ko sanferminei etorkizuneko “Memoriaren Museoan” tokitxo bat jartzeko prest daude. Baina hori guztia, behar-beharrezkoa bada ere, ezin izan daiteke bukaerako konponbide gisa hartu. Egia, justizia eta kalteak ordaintzea nahi dugu, hau da, egindako hilketaren erantzukizun politiko eta judiziala jendaurrean aitortzea eta historia berregiteko eta gure etorkizuna duintasunaren eta justiziaren oinarrietan finkatzeko neurri guztiak hartzea eskatzen dugu.

Ez gara nostalgikoak, ez. Iraganaz kezkatzen gara, beste etorkizun bat nahi dugulako. Badakigu eraso hura, neurri handi batean, garai historiko hartan kokatu behar dugula. Estatuaren hilketa bat izan zen eta UCDren gobernua haren erantzule politikoa. 78ko sanferminetan gertatutakoa jendeak zintzo jokatzeko abisu odoltsu bat izan zen, Nafarroako eta Euskal Herriko erakundeen eta konstituzioaren gainean garatzen ari zen eztabaida prozesuan. Gaur egun, ezberdintasunak ezberdintasun, botereak orduan errotik konpondu nahi izan zituen arazo asko mahai gainean daude oraindik: gure herriaren aitorpena, burujabe izateko nahiaren errespetua eta herriak har ditzakeen erabakiak onartzea. Horregatik, Zorrillaren hitzak erabiliz, zera esan dezakegu: “hil zenizkiguten hildakoak osasuntsu daude”.

Pinocheten eta Videlaren diktaduretan Txilen eta Argentinan egindako sarraskietatik 30 urte joan direlarik, han hildakoen eta desagertutakoen amen, ahaideen eta borrokaideen burugogortasunari esker hilketa haietako ehunka erantzule aulkian esertzea lortu dute. Hamarnaka jeneral, almirante, kapitain eta polizia gogor zigortuak izan dira. Hilobi asko aurkitu eta ireki dira eta haietan ezkutatuta zeuden gezurrak argitara atera. Nork esan dezake, bada, hemen, Iruñean, gure eskakizunak ilusioak, utopikoak edo zentzugabeak direla?

Bertolt Brechtek berak hauxe esan zuen, “brotxa lodiko pintoreak” III. Reich-ek bi mila urte iraungo zuela iragarri zuen urte haietan:

Oraindik bizirik dagoenak ez dezala inoiz esan:
Gauza irmoak ez dira irmoak.
Dena ez da berdin izanen.
Menderatzaileek hitz egin ondoren,
Mendekoak mintzatuko dira.
Noren esku dago zapalketari eustea? Gure esku.
Noren esku zapalketa bukatzea? Gure esku ere.
Altxa bedi abailduta dagoena!
Borroka bedi galduta dagoena!

78ko sanferminetako XXX. urteurrena ez da ezeren bukaera, urte hartan lurperatu nahi izan zituzten asmo eta helburu guztiekin aurrera egiteko mugarri bat baizik. Amore eman? Inola ere ez.

Egia, justizia eta kalteak ordaintzea nahi dugu, hau da, egindako hilketaren erantzukizun politiko eta judiziala jendaurrean aitortzea eta historia berregiteko eta gure etorkizuna duintasunaren eta justiziaren oinarrietan finkatzeko neurri guztiak hartzea.

Tagged with: , ,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*